Zuzenean

NAIZ irratia

1.000. saioa ospatzeko Chillida Lekutik egingo du zuzenekoa Bigarren Kafeak ostegun honetan

Ostegun honetan, ekainak 12, mila saio beteko ditu Bigarren Kafea magazinak, eta zuzeneko berezia egingo dute Chillida Leku museotik 18:00etatik aurrera. Festa giroan egingo den saioan ez da zuzeneko musikarik faltako.

NAIZ irratiako 'Bigarren Kafea' saioak 1000. saioa ospatuko du
NAIZ irratiako 'Bigarren Kafea' saioak 1000. saioa ospatuko du (NAIZ irratia)

Etxetik, pandemia betean hasi zuen bere ibilbidea NAIZ Irratiko 'Bigarren Kafea' magazinak. Aurreikuspen makurrenetan ere ez zuen halakorik espero Iñigo Asensio saioaren zuzendarikideak. Gabezitik asmamen, garaiko hiru aurkezleen arteko zuzenekoa errazteko bideo dei bidez hasi ziren egiten saioak, eta nahigabean, nobedadea ekarri zuten NAIZ Irratira. Zuzeneko irratsaio bat, FM bidez, streaming bidez eta zuzeneko irudiarekin sare sozialetan. 2020ko apirilaren 20 hartatik, pasa dira bost urte eta 1.000 saio.

Astelehenetik ostiralera (10:00-12:00) Tolosako 'laborategia' delakotik egiten da Bigarren Kafea. Handik pasa dira Euskal Herriko eragile, ordezkari eta kultur arloko protagonistak, makina bat. Bosturte honetan ere kalera atera dira maiz -aitzakia guztiak dira onak jende berria ezagutzeko Bigarren Kafea saioko taldearentzako-. Saio bereziak egin dituzte Durangoko Azokatik, Korrikaren irteera zuzenean kontatu zuten Aguraindik, eta Bastero Antzokiaren urteurrenean izan ziren Andoainen. Tourraren irteera Bilbotik, Zinemaldian Kursaaletik, eta Donostiako Aquariumetik ere egin zuten 500. saioaren ospakizuna, arrain tropikalak atze-oihal.

Milagarrena ordea, ezberdina izanen da. Kanpora, kalera ateratzea zen helburua eta 1.000 saio hauetan sortutako familia festara gonbidatu: «Chillida Leku leku zoragarria da, museoa izateaz gain kontzertuak ere egiten dizutem eta leku egokia da 'Bigarren Kafea'-ko festa ospatzeko ere», esan du Goiuri Ezeiza saioko aurkezle eta kozuzendariak. Eskultura artean egingo dute zuzenekoa eguraldia laguntzeko badu behintzat, eta, besteak beste, Janus Lester, Esanezin eta Mugan taldeko kideek jarriko diote nota musikala. May Gorostiaga kolaboratzaileak Kamishibai emanaldi berezia prestatu du hitzordurako, Japoniako ahozko tradizioaren lagun bat eramango du Bigarren Kafea saioko festara. Kolaboratzailea den Oihana Maritorenak dantza ikuskizuna egingo du, eta bertsorik ez da faltako, Beñat Gaztelumendiri jarri diote errimatzeko ardura.

'Kafe nobelak: Habana'

Bost urte hauetan han eta hemen saio bereziak egiteaz gain hainbat podcast atera ditu aurrera Bigarren Kafeak. 'Firfiran' ipuin erotikoak, 'Labankada' kultur thrillerra, eta berriki 'Lubakian', etxebizitzaren inguru hausnarketa bat. 'Kafe nobelak: Habana' podcasta aurkeztuko dute hain zuzen 1.000. saioko festa saioan. Benetako gertakarietan oinarritutako lau kapituluko fikzio sonoroa da 'Kafe nobelak: Habana'.

2020 urtean, Wilfrid Robertsen ondorengoek artxibo zabal bat utzi zuten Ingalaterrako Carlisle Archive Centre artxibategian. Fitxategi horietako bat Wilfrid Roberts eta Leah Manningen arteko korrespondentzia da. Leah Manning Alderdi Laboristako aktibista nabarmena izan zen, 1937ko apirilaren 24an Bilbora iritsi zena Espainiako Sorospen Batzorde Bateratu Nazionaleko (NJCSR) agente gisa, Eusko Alderdi Jeltzaleak gonbidatuta. Izan ere, 1937ko martxoan Elorrio eta Durangon frankistek egindako bonbardaketen ondorioz, Euskal Gobernuak, gobernu zentral errepublikazalearekin batera, euskal haurrak leku seguruetara eraman nahi zituen. Agertu berri diren gutunek Manningek Robertsekin (North Cumberlandeko diputatu liberala eta ebakuazioaren beste antolatzaileetako bat) izandako elkarrizketak erakusten ditu, batzuetan tentsioz beteak. Erresuma Batuko Basque Children of 37' elkartea arduratu zen telegrama horiek digitalizatzeaz.

Telegrama horietan oinarrituta, Bigarren Kafeak 'Kafe Nobelak: Habana' podcast-a prestatu du, benetako gertakarietan oinarritutako fikzio sonoroa. Goiuri Ezeizaren zuzendaritzapean, hainbat ahotsek 1937ko udaberrira eramango gaituzte: Jokin Aldazabal, Xabi Ormazabal, Kontxita Beitia, Xabi Tolosa, Oihana Maritorena, Iker Gurrutxaga, Iñigo Asensio eta Julen Goikoetxea.

OSZAR »

Jaurlaritza Logoa

OSZAR »