Zuzenean

NAIZ irratia

Adi eta Ari |Nolakotasuna adierazteko formak

[2x15] Ikasgai honetan ‘inolako’, ‘berebiziko’ eta ‘nolabaiteko’ hitzak landuko ditugu. 

Audio_placeholder

Adi eta Ari |Nolakotasuna adierazteko formak

Loading player...
Amaia Mayor, SATSE sindikatuko bozeramailea
Amaia Mayor, SATSE sindikatuko bozeramailea (Hamaika Telebista)

ANDER:
Egun on, Nerea.

NEREA:
Egun on, Ander. Zer berri dugu gaur?

ANDER:
Osakidetzako langileen protestek eta haien lan-baldintzek kezkatuta naukate. Horretaz hitz egin nahi nuke.

NEREA:
Gizarte osoa dago arduratuta. Covid izurritearen ondoren, arazoak nabarmentzen ari dira osasun zentroetan, eta kexuka sumatzen ditut denak: gaixoak, langileak, hedabideak, politikariak...

ANDER:
Osasun sistema publikoan 30.000 langile inguru daudela uste dut. Eta haien lan-baldintzengatik kritiko agertzen dira beti erizainen sindikatuak eta medikuen sindikatuak.

NEREA:
Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin elkarrizketak abiatu nahi dituzte, eta nolabaiteko negoziazioak hasi.

ANDER:
Lan-baldintzak hain kaskarrak zirenik ez nekien.

NEREA:
Antza denez, Osakidetzako langileen % 50 baino gehiagok behin-behineko kontratua dauka.

ANDER:
Arlo batzuetan profesionalak falta direla esaten du mundu guztiak; eta, batez ere, lehen arreta gero eta okerrago dagoela.

NEREA:
Opor garaietan, Gabonetan, Aste Santuan, eta halako uneetan, gaixoentzat murriztu egiten omen dituzte ordutegiak.

ANDER:
Ez dakit hori horrela den. Baina kontua da komeni dela lan-baldintzak duintzea arlo publikoan, profesionalak ez daitezen osasun pribatura aldatu.


AMAIA MAYOR



ANDER:
«Ez da inolako aldaketarik izan», esan du erizain horrek.

NEREA:
Inolako hitzak bere barruan argi erakusten du nolako forma. Hau da: nolakoa edo zer moduzkoa izan da aldaketa? Ez da inolako aldaketarik izan!

ANDER:
Nik gehienetan 'batere' forma erabiltzen dut. Era honetan: «Ez da batere aldaketarik izan».

NEREA:
Ezezko esaldietan sartzen dira 'inolako' eta 'batere' hitzak. Esate baterako: «Gaixoek ez dute batere segurtasunik sentitzen» edo «gaixoek ez dute inolako segurtasunik sentitzen».

ANDER:
Bizkaieraz 'ezelako' esaten dute: «Ez dut ezelako botikarik erosi». «Nire bizi guztian ez dut ezelako gaixotasunik izan».

NEREA:
Ipar Euskal Herrian 'neholako' erabiltzen dute: «Ospitalean ez diote neholako eritasunik aurkitu».

ANDER:
Ezezkoaren ordez, baiezkoa adierazi nahi dugunean, nik modu honetan esaten dut: «Nolabaiteko aldaketa izan da, eta nolabaiteko segurtasuna egongo da».

NEREA:
Horrek adierazten du hala moduzko aldaketa bat izan dela. Eta neurri bateko segurtasun maila bat bermatuta dagoela.

ANDER:
«Nola-halako negoziazioak egin ziren» aipatuz gero, adierazten ari naiz «hala-holako negoziazioak» edo «zelanbaiteko negoziazioak».

NEREA:
Nola edo hala, eraren batean, nolabait... moduak adierazteko hitzak dira.


 AMAIA MAYOR


ANDER:
Erizainak aipatu du ez dutela «inolako keinurik ikusi». Batere keinurik ez, beraz.

NEREA:
Justu kontrakoa adierazi nahi izanez gero, nola esango zenuke zuk?

ANDER:
Berebiziko zortea daukagu, ospitale onak baititugu hemen.

NEREA:
Egundoko erizainak daude Euskal Herrian.

ANDER:
Eta sekulako arreta ematen digute, gainera.


NEREA:
ZER IKASI DUGU GAUR?

ANDER:
Osasun arloko langileek lan-baldintza onak izatea funtsezkoa dela. Baina ikasi ditugu, baita ere, nolakotasuna adierazteko forma ezberdinak.

NEREA:
Ezezko testuinguruan erabiltzen dugu inolako, ezelako, batere. Eta baiezko testuinguruan esaten dugu nolabaiteko, zelanbaiteko, hala moduzko, nola-halako.

ANDER:
Eta neurriz handia edo markatik kanpokoa adierazteko, era hauek dauzkagu: berebiziko, egundoko, sekulako.

NEREA:
Bizkaian esaten da: «itzelezko arazoak daude osasungintzan». Eta beste forma berezi bat «upa lako» da: «Hemengo medikuek upa lako fama daukate».

ANDER:
Demaseko aurrekontuak behar ditugu, osasun sistema publikoak bikainak izan daitezen.

NEREA:
Ander... alde egin beharra daukat. Zuk ez duzu batere presarik!

ANDER:
Nolabait esan... sekulako lasaitasunez bizi naiz.

NEREA:
Gero arte. Iluntzean etorriko naiz, sukarra jaitsi ote zaizun ikustera.

Hemen entzun dezakezu Amaia Mayor erizainari egindako elkarrizketa osoa.

OSZAR »

Jaurlaritza Logoa

OSZAR »